Web mapa
Hizkuntzak
Literatura Literatura

Iragandako ekitaldia

Hizkuntza: euskara

Itxaro Borda, idazle Itxaro Borda, idazle

Donostia Kulturak kultur eskaintzari eusteko apustua egin zuen 2020 udaberrian, Covid-19ak eragindako konfinamendu garaian: DK Etxean. Euskal idazle eta ilustratzaileek www.donostiakultura.eus webgunean argitaratzeko propio sortu zituzten kontakizun laburrak bildu zituen eta Koadernoa izeneko egitasmo horretarako idatzitako testua duzue ondorengoa.

Etxean etxeko

Entzun du, frankotan, "etxeak ez zaitu asko ikusten, ezta?" eta irri handi batekin ihardetsi ere, eskua altxatuz, "utzi arren" erran nahiko bailuen. Eta hor dago, etxean entzerratua, tigrea bere kaiolan bezala, ateratzeko eskubidea murritz. Bistan dena, baimena baluke erosketak egiteko, farmaziara joateko eta oinetako inurriak inarrostera jalgitzeko, baina bere baitan sentitzen du, ez duela. Orenak ematen ditu telebistari begira: deus interesgarririk ez da, salbu asteburuetako ETB Kantxaren bideoteka, berri latzak parte guztietatik eta izuaren ahur zabala denen buru gainetan. Hiru miliar jende dira dagoeneko aterpean. Sinets ezina, mundua herri txiki bat dela kontsideratzen duen jendarte hiper-mugikor honentzat.

Erdi aroan izan bagina, erran du ogi kasko idorra ahoratuz, pandemia honek jainkoen gaztigua irudiko zuen, belaunaldiz belaunaldi urguiluz bekatu egin zutelako, madarikatze mardoa, merezitua, Egiptoko hamabi zaurien pare. Otoitzera plegatuko ziren herrialde osoak, izurrite epidemia ezberdinen garaietan nola. Baina gaur egun, ez da federik, eta federik baldin bada, federik muturrekoena da agerian. Halaber, ez da bekaturik, erantsi du berekiko, zergatik gaztigatuko gaituzte? Eta nor dira gaztiga gaitzaketen horiek? Covid-19 birusa da, ez hiru dimentsiotako itxura numerikoetan marraztu deabrua, deabruarekin ez du ezer ikustekorik. Hargatik, etxean, geldirik egotera behartzen nau. Bakarrizketa antzuan badabil, ez daki zergatik.

Gobernuaren erabaki batetik bestera bizi-eremua hertsitzen doakio. Etxekotzearen lehen astean hiru zubien itzulia egiten zuen egun oroz, baina orain, bi zubiena baizik ez, birritan. Laster, hamar metro baino ez zaizkio zilegituko. Karrikak soldaduz eta poliziaz hantuko dira, urrats debaldeak debekatuak direla ongi konpreniarazteko.

Bere baitara bildurik, barne-bidaia geldo baterako prestatzen ari da. Bizkar-zakurik eta pasaporterik gabe.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...