Web mapa
Hizkuntzak
Literatura Literatura

Iragandako ekitaldia

Hizkuntza: euskara

Anjel Lertxundi, idazle Anjel Lertxundi, idazle

Donostia Kulturak kultur eskaintzari eusteko apustua egin zuen 2020 udaberrian, Covid-19ak eragindako konfinamendu garaian: DK Etxean. Euskal idazle eta ilustratzaileek www.donostiakultura.eus webgunean argitaratzeko propio sortu zituzten kontakizun laburrak bildu zituen eta Koadernoa izeneko egitasmo horretarako idatzitako testua duzue ondorengoa.

Ez nago hilda, ezta?

San Martin ermitatik Parrokiara nindoan osabarekin prozesioan, auzoko baserritarrez inguratuta, euria eskatzeko lehortearen kontra. Egunsentia goizaren atarian zen, eta artean erdi ilunpetan, apaizak zerbait kantatzen zuen latinez eta guk Libera nos Domine erantzuten genion.

Apaizaren letanien (erreguen) artean bazegoen bat pandemiaren garai ilunotan maiz etorri zaidana burura: apaizak a peste, fame et bello esan eta libera nos, Domine, erantzuten genuen guk (izurritik, gosetik eta gerratik, libra gaitzazu, Jauna). Aita gerran ibili berria zen eta gosea pasea. Izurriari dagokionez, hartaz nekien bakarra zen badela gaitz bat oso kutsakorra, lepra edo legenarra izenekoa, eta gorputz osoan pustulak eta zornea eragiten dituena. Etxetik eskolara bidean harrizko eraikin erori bat zegoen sasiak hartua. Leprosoen erietxea izan omen zen. Nik aitaren egiten nuen aurretik pasatzerakoan.

Urteak aurrera, sekula burutik pasatu izurrite batez idaztea, harik eta Otto Petterekin gurutzatu nintzen arte burutazioen labirintoan. Erdi Aro lauso batean kokatu nahi nuen nobela, eta, ideiak artean lanbro huts zirenean, garbi neukan nobelak boterea izango zuela ardatz. Otto Petteren ardurapeko ziegetan izurria barreiatu da. Otto Pettek bere alde erabiliko du bere erruz gertatutakoa:

"Izurriteaz zerbait zekiten sendagile, barber zein zorne-sendatzaileek esandako oro aztertu nuen [...] katedraleko dokumentu eta pleguen artean".

Horixe egin nuen neuk ere. Informatu, bildu, bildutakoa egokitu. Material hark guztiak konbentzimendu bat txertatu zidan: epidemia guztien kontakizuna beti bera da oinarrian, bai gaitzari dagokionez, baita gizakion psikologiari dagokionez ere. Morfologia aldatzen du birusak, ez izaera. Mutazioak bihurtzen du hain arriskutsu, baina gu ez gara mutatzen, txertoa bilatzeaz kanpo, botereak —guk emana— beti berdin erantzuten du: interesez, elkar hartu gabe. Eta birusa garaile ateratzen da hainbat denbora.

Fikziozko izurriaren hurbilak ez ninduen kutsatzen, egoera eta erreakzio latzenak bilatzen nituen kontakizuna indartzeko, ordenagailutik jaiki bezain laster bukatzen zen gaixoekiko enpatia. Nire imajinaziotik irtendako eszenaren batek harrapatzen ninduenean, emozioa ez zen etikoa estetikoa baizik. Fikzioa zen. Izurria —gosea eta gerra bezala— liburuetan eta fikzioan ezagutzen nuen. Nork esan behar zidan mundualdia ez nuela bukatuko pandemia bat larrutik bizi gabe?

Bera da orain gure egunerokotasunaren plaza, konfinatuta bizi naiz etxean, kutsaduraren kezkak bizi nau, ezin ditut maite ditudanak besarkatu, telefono-deiak jasotzen ditut halako laguna hil dela edo halako senidea larri dagoela esanez.

Arrisku-taldean omen nago. Otto Petteren hasierako gaita-joleak galdetzen du: "baina ni ez nago hilda, ezta?".

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...