Web mapa
Hizkuntzak
Literatura Literatura

Iragandako ekitaldia

Hizkuntza: euskara

Ana Malagon, idazlea eta zerbitzu digitaletan aditua Ana Malagon, idazlea eta zerbitzu digitaletan aditua

Donostia Kulturak kultur eskaintzari eusteko apustua egin zuen 2020 udaberrian, Covid-19ak eragindako konfinamendu garaian: DK Etxean. Euskal idazle eta ilustratzaileek www.donostiakultura.eus webgunean argitaratzeko propio sortu zituzten kontakizun laburrak bildu zituen eta Koadernoa izeneko egitasmo horretarako idatzitako testua duzue ondorengoa.

Hau ere pasako da

Ez da bihar izango, ezta etzi ere. Gobernuak esango digu noiz baina ez du inork jakingo nola. Agintariek esango digute "orain!" baina ez du inork jakingo nora. Konfinamendua amaitzean, "aldatu egin zara" esango diogu elkarri."Ez zait bilakatu zarena gehiegi gustatzen" aurpegiratzeko modu dotore hori.

Goizeko zortzietan neure burua txalotzera nindoan komuneko ispilu aurrean, ohetik altxatzeko adorea izateagatik edo, baina Gorka sartu da. Autoestimurako lekurik gabe gelditu naiz. Behar bezala garbitu ez ditudan eskuak eten egin zaizkit, airean dagoen zerbait hartzeko prest bezala. Airea da hartu behar dudana, kutsatua badago ere. Ateak itxi behar izaten ditut horretarako.

Gorkak komuneko paperari tira egin dio. Egunean zehar egiten dituen soinuak sailkatzen ditut. Nire kromo kolekzioa bilakatu dira. Behin eta berriz errepikatzen diren soinuak dira gehienak. Baina kromoetan bezala, bakanen bat faltako zait azkenean kolekzioa osatzeko. Ez dut bere hitzik entzun azken egunotan. Hori izango da.

Leihoko kristalaren beste aldean, zakur bat ikusten dut. Gizon bat atera du paseoan. Erosketarako gurditxo batek emakume bat zutik eusten du supermerkatura sartzeko ilaran. Poliziak neska batek aurpegian daraman maskarari galderak egiten dizkio. Antzeko galderak egin zizkidan Gorkak itxialdiaren bezperan. Nora zoaz, nondik zatoz, norekin oheratu zinen bart gauean. Gezurra esaten harrapatzen zaituztenean ikasten duzu sinesgarritasuna egia baino garrantzitsuagoa dela. Poliziak neskari joaten utzi dio. Ni ez noa inora, Gorkak bidalitako pikutara ez bada. Ezin izan dut inon errudun aurpegi hau estaliko duen maskararik lortu. Inoiz.

Hau ere pasako da. Ez da bihar izango, ezta etzi ere. Konfinamendua amaitzean, etxetik alde egin beharko dut. Gobernuak esango dit noiz. Asmatuko beharko dut nora.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...