Web mapa
Hizkuntzak
Literatura Literatura

Iragandako ekitaldia

Hizkuntza: euskara

Oier Guillan, idazle, kazetari eta antzerkigilea Oier Guillan, idazle, kazetari eta antzerkigilea

Donostia Kulturak kultur eskaintzari eusteko apustua egin zuen 2020 udaberrian, Covid-19ak eragindako konfinamendu garaian: DK Etxean. Euskal idazle eta ilustratzaileek www.donostiakultura.eus webgunean argitaratzeko propio sortu zituzten kontakizun laburrak bildu zituen eta Koadernoa izeneko egitasmo horretarako idatzitako testua duzue ondorengoa.

Rutger

"Ikusi izan ditut gauzak gizakiok ez dituzuenak sinetsiko. Erasoko ontziak sutan Oriongo lepotik gertu. C-izpiak ikusi ditut diz-diz iluntasunean, Tannhäuserko atean. Une horiek guztiak galdu egingo dira denboran... hala nola malkoak euritan". Oi Orion, oi Zarautzen, oi haratago bezala honantzago.

Blade runner 2019an kokatzen zen. Bizitzaren ironiak, zu zeu hil zinen urte berean, Rutger. 2020a hasi eta gutxira, nork esango zigun, oraina bilakatu zaigu distopia. Azkenean ez dituzu ikusi ontziak sutan, Rutger, galdu duzu ikuskizuna. Azkenaldian norberak darama barruan paisaia euritsua, horregatik eguzkiaren beroaren bila doa balkoietara, gauak kobazulo bilakatu aitzin. Balkoiak direlako orain gure ontziak, Rutger, behinola ontzi handiagoen alboetan zintzilik zeuden txalupa txikien modukoak. Eta mezuak... oi mezuak, Rutger, jakingo bazenu. Dagoeneko ez dira kristalezko botiletan jaurtitzen. Orain laguntza eskeak airez doaz fikziozkoa dirudien ur hondora: besarkatu ezin dudan jende guztia da orain itsasoa.

Gogoan dut autografo bat eskatu nizula behin kaletik, 1994ko Donostiako Zinemaldian. The beans of Egypt, Maine filma aurkeztera etorri zinen Martha Plimptonekin batera. Inora ez doan oroitzapen bat da gure artekoa, Rutger, segur aski zuk minutura ahaztu zenuena. Gerturatu egin nintzaizun, sinadura eskatu, abizenik gabe eskaini zenidan. Lotsa ematen dit gogoratze hutsak, baina zeinen ederra den berreskuratzea bestela inork oroituko ez duena. Egun hauetan ospitaleak inork partekatu ezin dituen oroitzapenez beterik daude, Rutger, eta nik balkoitik ontziak ez, beste zerbait bat da suak hartuta ikusten dudana. Badakit ez gaudela Bosnian argirik gabeko aterpe batean, frankotiratzaileetatik babestuta, badakit ez gaudela patera bati lotuta, egunotan Miñan liburuak hain ondo gogorarazi didan moduan. Eta, hala ere, seguru nago beldurra pilatzen ari dela etxe askotako teilatupean, besteak beste krisialdi ekonomiko larria pairatu dezaketelako laster beti bezala betikoek. Baina natorren mundura. Agure bat hiltzen denean liburutegi oso bat galtzen dela entzun dut inoiz, Rutger, ez dakit nondik datorren zehazki esaldi hori. Igual da. Gaur, nik, leihotik begiratu eta gizakiok duela egun batzuk sinetsiko ez genituzkeenak ikusi ditut: milaka liburutegi suak hartuta, denboratik haratago. Eta orduan, etxeko apalategira jo eta irakurtzen hasi naiz, pasioz, hunkituz, emozionatuz orrialdez orrialde, memoriak dakarren edertasuna erdietsiz ase gabe.

Besteen oroitzapenez goseturik aitonduko naizen temorez. Besteen oroitzapenez goseturik amonduko naizen itxaropenez.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...