Hizkuntzak
José Luis Gallegok eta Joan Quintanillak irabazi dute Hamaika entzuteko! VIII. Irrati-piezen lehiaketa
José Luis Gallegok eta Joan Quintanillak irabazi dute Donostia Kultura Irratiak antolatutako Hamaika entzuteko! VIII. Irrati-piezen lehiaketa eta Ainhoa Aizpuruak, euskarazko pieza onenaren saria. Lan saridunak DK Irratiaren Ispilu Beltza irratsaio berezi batean ezagutaraziko dira datorren astelehenean, abenduak 19.
![Ainhoa Aizpurua lehiaketako epaimahaiarekin](/imgs/agenda/eventos/2022/larratxo-ke/img/11_entzuteko_2022.jpg)
Deialdira aurkeztutako lanen artean, epaimahaiak erabaki du pieza irabazlea “El cuaderno de José Luis Gallego” dela. Hau esan du epaimahaiak pieza horri buruz: “Dibulgazio-pieza bikaina da, oso argia eta ongi egindakoa. Lokuzioaren, musikaren eta soinu-efektuen edizioa biribila da, eta entzumenaren bidez kontatzen duen istorioa irudikatzea lortzen du”. Egileak José Luis Gallego ingurumen-kazetaria eta Joan Quintanilla irrati-errealizadorea dira, biak Bartzelonakoak.
Euskarazko pieza onenaren saria Ainhoa Aizpurua zarauztarrarentzat da, “Tximinoa zetaz jantzi arren…” izeneko lanagatik. Epaimahaiak azpimarratu du audio-pieza dinamiko eta aldarrikatzaile baten bidez gaur egungo gai bat lantzeko eta gazteei ahotsa emateko duen gaitasuna.
DK Irratiaren Ispilu Beltza irratsaio berezia astelehenean 8:00etan hasiko da, FM107.4 sintonian eta irratia.donostiakultura.eus webgunean. Bertan, Hamaika entzuteko! VIII. Irrati-piezen lehiaketako pieza irabazleak entzuteaz gain, saridunekin elkarrizketak izango dira, eta baita lehiaketaren antolatzaile eta epaimahaikideekin solasaldiak ere. Halaber, 14:00etan eta 21:00etan saioaren errepikapena entzuteko aukera izango da.