Web mapa
Hizkuntzak

Xare Álvarez Berakoetxea artistaren Makurtu erakusketa aurkeztu dute gaur Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak bi erakundeek antolatutako Artea abian proiektuaren edizio berrian. Erakusketa museoko Laborategian ikusgai izango da maiatzaren 25etik abuztuaren 25era, doako sarrerarekin

Makurtu erakusketaren aurkezpena San Telmo Museoan
Iker Azurmendi

Bosgarren ediziora iritsi da Artea abian proiektua 2024an eta Xare Álvarez da aurten parte hartzen duen artista, aurreko edizioetan Nagore Amenabarrok, Oier Iruretagoienak, Kimia Kamvarik eta Mikel Otxotekok bere lanak aurkeztu ondoren. Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak antolatutako erakusketa programa honek sorkuntza garaikideari ematen dio protagonismoa, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez, eta horrela, Xare Álvarezen lana ikusteko aukera izango dugu aurten Makurtu titulua duen erakusketan.

Erakusketa hainbat materialekin egindako 14 piezaz osatuta dago (ehunak, aluminio urtua, zeramika, paper gaineko tintak...). Pieza horiek autonomiaz arnasten dute, baina haien artean sortzen diren loturei esker ekosistema misteriotsu bat sortzen da, non piezak organismo bizi bat iragartzen duen mugimendu aldakorraren bidez erlazionatzen diren.
Artistaren beraren lan-metodologiak ere prozesuaren organikotasuna biltzen du, zeinean, geruzen moduan, elkarren jarraian ageri baitira materialen elkartzea, eraldatzea eta osoko irakurketa baterako azken proposamena.