Hizkuntzak
Haur zein helduentzako jarduerak Liburuaren Nazioarteko Egunean
Liburuaren Nazioarteko Egunean, apirilaren 23an, Donostia Kulturak, Gipuzkoako Liburudenden Elkartearekin batera, azoka antolatuko du Gipuzkoa plazan, 9:15etik 20:00etara. Haur zein helduentzako ekitaldi ugari izango dira baita Aiete, Okendo eta Tomasene Kultur Etxeetan eta Victoria Eugenia Cluben ere.
![2024ko Liburuaren Nazioarteko Eguneko kartela](/imgs/noticias/2024/04-apirila/Liburuaren-Eguna-Albistea.jpg)
Liburu denden salmahaiez gain, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak informazio gune bat izango du Azokan. Bertan eguneko programari buruzko informazioa emango da, baita liburutegien zerbitzuei buruzkoa ere. Hurbiltzen direnentzat orri-markatzaileak egongo dira eskuragarri, Ana G. Lartitegui ilustratzaileak liburuaren eguna dela eta diseinutakoak.
Helduentzako jarduerak
Apirilaren 23an, besteak beste, goizeko 10:30ean, abiatuko da De paseo por el San Sebastián de Luis Martín Santos ibilaldi literarioa, Javier Minak gidatuta. Bertan parte hartzeko eskaera egin behar da [email protected] emailean.
Aurtengo azokako idazle gonbidatua Harkaitz Cano da. 12:00etan Itziar Ugartek elkarrizketatuko du eta ondoren, liburuak sinatzen izango da.
13:45ean, Luis María Jiménez de Aberasturik Javier Sada, Donostiako kronista, elkarrizketatuko du.
Azken orduan, 19:00etan, Liluratu! Irakurle taldeen gomendioak saio parte-hartzailea izango da, non Donositako 20 taldeetatik 13 taldetako kideek parte hartuko duten. Ylenia Benitok dinamizatua izango da saioa.
Kultur Etxeetako helduen programazioari dagokionez, 12:00etan Okendon Liburu Debekatuak irakurketa musikatua izango da Egia eta Okendoko solaskideekin, ele bitan.
Egun berezi honen harira, Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan 19:00etan Mercedes L. Caballeroren 10 emakumek, mundua dantzan haurrentzako liburu ilustratuaren aurkezpena izango da ele bitan.
Haurrentzako jarduerak
Haurren ekitaldiei dagokionez, Gipuzkoa plazako azokan, 17:30ean Amona Tomaxaren sari banaketa izango da eta, jarraian, ipuin kontaketa.
Tomasene Kultur Etxean, Ameli & Xirrikituen jostunek Basoko sekretuak ipuin kontaketa musikatua eskainiko dute 18:00etan.
Aiete Kultur Etxean, egitarau osagarri modura, apirilaren 20ean, Hazia antzezlana eskainiko du Didau Antzerki Faktoriak 17:00etan.
Azokako programazio osoa: 2024ko Liburuaren Nazioarteko Eguna.