Web mapa
Hizkuntzak

Liburutegiak

Gaur goizean, ekainak 4, Donostia Kultura VII. Poesia Sariko liburua aurkeztu da. Beñat Arruti Irigoienen Arkeologia haragitan kaleratu du Balea Zuria argitaletxeak.

Beñat Arruti Irigoien
Iñaki Rubio

Aurkeztu den liburua Beñat Arrutiren lehenengoa da, eta Donostia Kultura Poesia Lehiaketako VII. sari nagusia eskuratzeagatik plazaratu da. Zarautzen 1999an jaioa, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) burutu zituen Psikologia ikasketak, Bartzelonara Ikerketa eta Esku-hartze Psikosozialeko Masterra egitera joan aurretik. Egun, adimen urritasuna duten pertsonekin ari da lanean, Zarauzko eguneko zentro batean. Hauxe izango da argitaratzen duen lehen literatura lana.

Epaimahaikideek balorazio hau egin zuten saria ematerakoan: “Aipuz eta irakurketaz ondo hornitua dator, eta trebeki uztartzen du gogoeta eta hizkuntzaren distira. Berezko erritmo eta musika darie poemei, aisa irristatzen dira irakurlearen belarrietan, eta lan handia dago doitze horren atzetik. Lan orekatua eta koherentea da oro har, estilo eta tonu aldetik batasun handikoa. Ezleku kontzeptua lantzen du hainbat poematan, gainbehera eta maitasuna, poesiari eta hizkuntzari buruzko kezkak… Askotariko paisaia eta giroak uztartzen doa, barnekoak zein kanpokoak, naturaren ingurukoak zein urbanoak. Hizkera hanpaturik gabe egiten du aurrera, leun baina zorrotz, argitasunez, eta, aldi berean, alde ilunen arrakalak bilatuz”.

Egilea zuzenean ikusteko aukera izango dugu ekainaren 12an, iluntzeko 19:00etan, Victoria Eugenia Cluben egingo den 2024ko Poesia eta Pentsamendua programako errezitalean.

Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak DK Poesia Lehiaketa (aurreko edizioetako informazioa duzue loturan).