Web mapa
Hizkuntzak
Musika Musika Jazzaldia

Iragandako ekitaldia

Trinitate plaza

Steve Coleman Jazzaldia © Lolo Vasco

Steve Coleman & Five Elements

Steve Coleman (saxo altua), Kokayi (MC, ahotsa), Jonathan Finlayson (tronpeta), Anthony Tidd (baxu elektrikoa), Sean Rickman (bateria)

Steve Coleman saxofoi-jolea benetako maisua da, baita Jazz-belaunaldi oso batentzako inspirazio iturri ere. Bera izan zen lehendabizikoetakoa rapak eta Djek musika hori berritzeko eskaintzen zituzten aukerak ikusten; hartara, Jazzaren mugetatik kanpora kokatutako musikari askoren maisu ere bihurtu zen. Gainera, Steve Colemanek Jazzaren afrikar eta karibetar sustraiak ikertu ditu, bereziki musika kubatarra, eta ikerketa hori Matanzasko AfroCubarekin kolaboratuz burutu zen. Eratu dituen talde guztiek (Metrics, The Mystic Rhythm Society, The Council of Balance) moldeak urratu dituzte bere garaian, Jazzaldiko entzuleak denboraren joanean ikusi ahal izan duten bezala; izan ere, gure artean jo zuen 1994an, eta 57. Jazzaldian seigarren aldiz arituko da.

Steve Coleman 1956an jaio zen Chicagon. 14 urterekin, saxo altua jotzen hasi zen, Charlie Parkerren diskoak entzunez eta tarteka Von Freeman tenorea kantatzen ikusiz, Jazzeko pertsonaia berritzaileenetako bat. Hala ere, Maceo Parker izan zuen lehendabiziko inspirazio iturri, James Brownen saxofoi-jolea; hain zuzen, jo zuen lehendabiziko taldeak funk musika egiten zuen. Luze gabe Chicagoko giro artistikoa txiki geratzen ari zitzaiola iruditu zitzaion.

Bada, Coleman New Yorkera lekualdatu zen 1978an eta, han zela, Thad Jones eta Mel Lewisen big bandarekin lan egin zuen, Sam Rivers eta Cecil Taylorrekin batera. Grabazio estudioetan, Doug Hammond, David Murray, Dave Holland, Mike Brecker eta Abbey Lincolnen akonpainamenduak egin zituen. Dena den, Colemanek kalean eman zuen jauzi handia; izan ere, bertan maiztasunez jotzen zuen Graham Haynes tronpeta-jolearekin. Hor hasi zen eratzen Steve Coleman and Five Elements bihurtuko zenaren ernamuina.

Taldeak Harlem eta Brooklyngo klub txikietan garatu zituen bere musika kontzeptuak. Egitura ziklikoetan oinarritutako inprobisazio bat zen, Colemanek eta bere lagunek M-Base deitu zutena; hain zuzen, deitura horrek eman zion izena mugimenduari.

Colemanen urduritasunak talde eta proiektu askotan parte hartzera eraman du eta, aldi berean, sortu zenetik, funtzionamenduan mantendu du Five Elements. Steve Colemanek Five Elementsekin egiten duen musika hainbat disko bikainetan geratu da gordeta, hala nola The Sonic Language of Myth (1999), The Ascension to Light (2000), Alternate Dimension Series I (2002), Harvesting Semblances and Affinities (2010) eta Functional Arrhythmias (2013).

Afrikar eragineko erritmo oinarri bati gainjartzen zaion ahots eta musika inprobisazioen amalgamari esker, Colemanek bide berriak ireki dizkio musika sortzaileari; hartara, musika beltzaren berrikuntzaren lehen lerroan kokatu da. Haren musikagintza teknikek ez dute inprobisaziotik bakarrik edaten, baita bat-batekotasunetik ere, musika dardaratzat eta energiatzat hartzen baitu.

Louis Cole

Louis Cole (ahotsa, teklatuak, bateria), Chris Fishman (teklatuak), Nate Wood (baxua, bateria), Genevieve Artadi (ahotsa -gonbidatua-)

Louis Cole zortzi urterekin hasi zen bateria jotzen. Aitak pianoa jotzen zuen, eta amak, berriz, baxua. Los Angelesko USC Thornton School of Musicen egin zuen unibertsitate hezkuntza. Ikasketak bukatu eta berehala, ibilbide paralelo bati ekin zion eta, hala 4 disko argitaratu ditu bakarka, eta beste 4 Knowerrekin, Genevieve Artadirekin batera eratutako taldea.

Cole kantaria da, musikagilea, ekoizlea, eta musika tresna asko jotzen ditu, hala nola bateria, pianoa, gitarra eta baxua. Hainbat talde eta artistarekin lan egin du, tartean direla Snarky Puppy, Thundercat eta Brad Mehldau.

Colek pop eta Jazz musikak nahasten ditu, eta "groove" handiko abestiak eta erritmo dantzagarriak egiten. Horietan, funk, musika elektroniko eta soularen elementuak ere aurki ditzakegu. Jarrera eta estetika zirikatzailea du, dibertigarria eta umoretsua, baina kritika soziala alde batera utzi gabe. Bada, kaliforniar musikari paregabe eta bikain honen misioa da berak entzun nahiko lituzkeen kantuak egitea. Haren esanetan, hauxe da konbinazio perfektua: Jazzaren espiritu sortzailea eta askatasuna poparen forma arin eta laburrekin uztartzea.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...